Marketin eta Publizitatea ikasten duen ikasle gisa, oso interesgarria iruditu zait Polaroid markak egin duen azken kanpoko publizitatea: “The Camera for an Analog Life”. Gaur egun, adimen artifizialak eta irudi digital perfektuek publizitatearen sektorea betetzen duten honetan, markak kontrako norabidea hartu du. New York-en kanpoko publizitate kanpaina bat jarri dute martxan, eskuz idatzitako kartel sinpleekin eta editatu gabeko argazkiekin.
Kanpainaren mezua argia da: pantailen gehiegizko erabileratik aldendu eta benetako momentuekin berriz konektatu. Nire ustez, hemen gakoa emozioan dago. Polaroidek ez du kamera soil bat saltzen; esperientzia bat saltzen du, benetakotasuna eta nostalgia uztartuz.
Gainera, estrategia honek joera interesgarri bat erakusten du: teknologia gero eta presenteago dagoen arren, kontsumitzaile askok benetakoa, naturala eta hurbila baloratzen jarraitzen dute. Horregatik, askotan berrikuntza handiena sinpletasunean dago.
Bestalde, kanpaina honek erakusten du markek ez dutela beti efektu handirik edo teknologia konplexurik behar arreta lortzeko. Batzuetan, mezu zuzen batek eta estetika sinple batek inpaktu handiagoa sortzen dute. Polaroidek publikoari hausnartzeko aukera eman dio: zenbat momentu bizi ditugu benetan pantaila baten bidez ikusi gabe?
Nire iritziz, hau publizitate adimentsuaren adibide bikaina da, produktu bat sustatzeaz gain gizartean dagoen ohitura bati buruz hitz egiten duelako. Horrek markaren balioa handitzen du eta kontsumitzailearekin lotura emozional sendoagoa sortzen du.
