Joan den ostiralean, otsailaren 27an, Gazte Up ekitaldira joan ginen, BAT | B Accelerator Tower-en, Bilbon. Goiza hitzaldi desberdinez beteta egon zen, enplegua, talentua eta gazteen etorkizuna ardatz hartuta. Irekiera Javier Garcinuño eta Teresa Laespada-ren eskutik izan zen, eta ondoren hainbat adituk euren esperientziak partekatu zituzten.
Niretzat interesgarrienak Bruno de Zabala eta Tania Pérez-en hitzaldiak izan ziren, baina gainontzekoek ere ekarpen oso baliotsuak egin zituzten. Brunok ekintzailetzaren alde errealena erakutsi zigun: enpresak sortzea ez dela beti arrakasta azkarra, baizik eta porrotak, zalantzak eta arriskuak dituen bidea. Bere enpresa hondoratu zela kontatzeak ausardia handia iruditu zitzaidan, eta oso entretenigarria eta motibatzailea izan zen bere egunerokoa nola bizi zuen azaltzea.
Taniaren hitzaldia, berriz, oso praktikoa eta interesgarria izan zen. Gure balio profesionala nola eraiki eta recruiter bati zer kontatu azaldu zigun, baita CV argi eta erakargarri bat nola sortu ere. Gainera, Adimen Artifiziala modu egokian erabiltzeko aholkuak eman zizkigun, prompt egokiak nola formulatu erakutsiz.
Bestalde, Rubén Martín-ek “Proyección, percepción y empleabilidad: cómo activar un perfil profesional ÚNICO” hitzaldian marka pertsonala sortzeko gakoak eman zizkigun. Bere liburuan agertzen diren zenbait aholku aipatu zituen.
Gazte Up ekitaldiak etorkizun profesionalari buruz hausnartzeko aukera eman zigun. Brunoren istorioak motibazioa eman zidan arriskuak hartzeko, eta Taniaren aholku praktikoek nire ibilbide profesionala prestatzen lagunduko didate.
